XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hala gauzak, makilaren laguntzaz altxatu eta herrenka abiatu nintzen.

Sukaldea, izkina bateko sua izan ezik, argilunez beterik zegoen eta Naima terako ura prestatzen zebilen.

Egurraren pindarrek baino gehiago, kanpokoen algarek urratzen zuten sukaldeko isiltasuna, eta haiek jo eta jo dabiltzan autoen alarmak bezain jasanezinak egin zitzaizkidan.

Zer egin nezakeen?

Ni han ikustean Naima ez zen harritu, ez zen larritu (nonbait, zerbait ulertuko zien oihu batean ari ziren Hassan eta Aliri).

Horren ordez, irriño bat egin eta, lotsaturik, eskuak aurpegira eraman zituen.

Gero, berak ere indarka aritu behar balu bezala, eskuak baztertu eta begiak itxirik egon zen, nik musua noiz emango.

Agudo demonio listua eztarri lehorretik irentsi eta musu iheskor bat pausatu nion masailean.

Une hartantxe, berak begiak zabaldu eta nireetan finkatu zituen.

Eta berehala galtzaile izatetik garaile izatera igaro nintzen, nahiz eta terrazara berriro lotsagorriturik agertu.

Alik zer edo zer esan zidan berberez.

Hassanek honela itzuli zidan:

- Esan dik ez haizela edonor.

Berak oraindik ezin izan ziok Naimari musurik eman...

Eta handik gutxira, elkar agurtzen hasi ginenean, Hassanek honela esango zidan:

- Erizain faltan, behintzat, ez haiz egongo...

Baina ni bakarrik utzirik ospa egin zutenean berriro ere galtzaile sentitu nintzen, eta hasiera batean besoari eragiten nion bidetik oihu egiten zidatenean, eta ez nien begirik ere kendu harik eta, eguzkiaren antzera, mendiaren bestaldean desagertu ziren arte. Adio..